Bigarren
Zatia
(Pertsieratik)
Adirazmenaren Jaun Ahaltsuaren Izenean
1.- EZAGUTZEKO EZAGUMENA ETA ENTZUTEKO ENTZUMENA DUZUENOK!
Maitatuaren lehen deia hauxe duzue: Urretxindor mistiko hori! Gogoaren
larrosondoan bakarrik izan ezazu egoitza. Maitasunaren Salomonen mezulari hori!
Maitatuaren Saban bakarrik bilatu ezazu babesa, eta fenix hilezkor hori! leialtasunezko
mendian bakarrik bizi izan zaitez. Zeure arimaren hegoz amaigabearen erreinuarentzat
jotzen baduzu eta zeure jomugara heltzen saiatzen bazara, hantxe duzu zeure egoitza.
2.- GOGOAREN SEMEA!
Txoriak bere habia bilatzen du; urretxindorrak arrosaren lilura; baina
txoriak diren giza-bihotzak, betirauneko habiatik aldendu egin dira hauts galkorraren
atseginetan, eta beraien begiek zabarkeriazko lokatzetara zuzenduz, jainko ageriaren
aintza galdu egin dute. Ene! ze bitxikeria eta negargarria, Gorengoaren itsaso
uhintsuetatik aldendu egin direla zurrutada soil baten trukean, ortzemugarik
ikusgarrienetik urrun geratuz.
3.- ENE LAGUN!
Maitasunezko arrosondoa besterik ez zazu landatu zure bihotzeko
lorategian, eta ez zazu jarain jeraon eta gura izatezko urretxindorra. Zuzenak bilatu
itzazu laguntzat, eta gaiztoengandik urrundu zaitez.
4.- ZUZENTASUNAREN SEMEA!
Nora joan ote daiteke maitale bat, bere maitalearen lurraldera ez bada?
Eta zein bilatzaileek hartu ote dezake atsedena, bere bihotzaren guraritik urrun? Benetako
maitalearentzat, elkarkuntza bizitzea da eta bereizkuntza hiltea. Bere bularrak ez du
eroapenik, eta bere bihotza ez dago baketan. Hamar mila bizitza utziko lituzke berak, bere
maitearen egoitzara joatearren.
5.- HAUTSAREN SEMEA!
Benetan dinotzut: alferreko berriketan ari dena eta bere anaiaren
gainetik agertu nahi duena, horixe da gizaki guztien artean alferrena. Esan egizu: Anaiak!
Egintzak izan daitezela zuen apaindura, eta ez hitzak.
6.- LURRAREN SEMEA!
Bekaitz aztarna txikiena beregan duen bihotzak, ez du inoiz ere lortuko
nire betikotasuna, eta nire santutasunezko agintegoari darion usain gozo sakraturik ere ez
du hartuko, jakin ezazu.
7.- MAITASUNAREN SEMEA!
Goi aintzatsu eta zerutiar maitasunezko zuhaitzetik urrats batera
aurkitzen zara. Egin ezazu urrats hori, eta betiko erreinurantz aurrerantz egin
urrengoarekin eta sartu zaitez betikotasunaren egoitzan.
8.- AINTZAREN SEMEA!
Bizkor ibili zaitez santutasunaren bidetxiorrean eta nirekin
alkartasunean sartu zaitez zeruan. garbitu ezazu zeure bihotza gogozko garbigarriz eta
zoaz bizkor Gorengoaren egoitzarantz.
9.- ITZAL SUNTSIKORRA!
Zalantzaren beheunetatik harantzago jo ezazu eta ziurtasunaren goiune
garaietara igon zaitez. Ireki ezazu egiaren begia, Edertasun ageria ikusi eta esan ezazun:
Goraldua izan bedi Jauna, sortzaile guztien artean gorena!
10.- NAHIAREN SEMEA!
Entzun eta adi honi: Begi hilkorrak inoiz ere ez du ezagutuko
betirauneko edertasuna, eta bizirik ez duen bihotzak ez du atsegin hartuko lore zimeldua
ez den beste ezerekin. Antzekoek alkar bilatzen bait dute eta beren gisakoekin atsegin
hartzen
11.- HAUTSAREN SEMEA!
Itxi itzazu zeure begiak, nire edertasuna ikusi dezazun; estali itzazu
zeure belarriak, nire ahotsaren doinu gozoa entzun dezazun; utzi ezazu edozein jakite,
nire jakintzan partaide izan zaitezen; eta ondasunetatik garbitu zaitez, nire betirauneko
ugaritasunezko itsasoaren zati iraunkor bat lortu dezazun. Beraz, itxi itzazu zeure
begiak, nire edertasunarentzat izan ezik; estali itzazu zeure belarriak, neure hitza ez
den beste guztiarentzat; Ni ezagutzea ez den jakite oro utzi ezazu, ikuskera argiz, bihotz
garbiz eta entzukera zoliz, nire santutasunezko egoitzan sartu zaitezen.
12.- BI IKUSPEGI DITUZUN GIZAKIA!
Itxi ezazu begi bata eta ireki bestea, Mundua eta berak duen
guztiarekiko itxi ezazu bata, eta Maitatuaren edertasun konsagratuarekiko ireki ezazu
bestea.
13.- ENE SEMEOK!
Uso zerutiarraren hots gozoa entzuterik ez duzuelakoz, galbideko
itzaletan berriz murgilduko zareten beldur naiz, eta arrosaren edertasuna inoiz ikusi
barik, ur eta buztinera berriz itzuliko zaretena.
14.- ADISKIDEOK!
Hilkorra den edertasun batengatik ez zazute utzi alde batera betirako
edertasuna, eta ez zazute ezarri zeuen maitasuna hautsezko mundu hilkor honetan.
15.- GOGOAREN SEMEA!
Garaia helduko da oraindik, santutasunezko urretxindorrak izkutukizun
sakonik agertaraziko ez duena, eta zeruko hots gozoa eta goietako ahotsa gabe izango
zaretena guztiok.
16.- ALFERKERIAREN MUINA!
Milaka hizkera ezberdin adierazten dira ahots batez eta milaka
izkutukizun adierazten dira melodia batez; ene baina, ez dago belarririk hori entzuteko
eta bihotzik ulertzeko.
17.- LAGUNOK!
Guztiz zabalik dira Amaigabetasunerako ateak eta maitatuaren egoitza
maitaleen odolez apaindurik dago, baina ala ere, zerutiar hiri honen ezean dira gehienak,
gutxi batzu izan ezik; eta gutxi hauen artean ere, banaka bat bakarrik da, bihotza garbi
eta gogoa santuturik duena.
18.- PARADISURIK GORENEKO BIZTANLEOK!
Ziurtasunaren semeei aldarrikatu iezaiezue, lorategi berri bat agertu
dela santutasunaren lurretan, zerutiar paradisutik hurbil, eta bere inguruan dabiltzala
goietako erreinuko biztanleak eta paradisu goreneko biztanle hilezkorrak. Ahalegin egizue
beraz, leku horretara heltzea lortzeko, maitasun izkutukizunak azaldu ditzazuen bertako
nahasloretan, eta jainkotiar jakintza osoaren izkutukizuna ikasi dezazuen bertako fruitu
iraunkorretatik. Alaituak izan bitez han sartzen direnen begiak!
19.- ENE ADISKIDEOK!
Ahaztua ote duzue goiz eder eta argitsu hura, paradisu guztiz
aintzatsuan dagoen bizi-zuhaitzaren itzalpean, leku sakratu haretan guztiok neure aurrean
elkarturik zinatenekoa? Ikaraturik entzun zenituzten hiru hitz guztiz santuok esan
nituenean: Adiskideok! Ez zazutela nahiago izan zeuen nahia nirea baino; inoiz ere ez
zazutela nahi izan, zuentzat opa izan ez dudanik; eta ez zaiteztela hurbildu nigana,
bihotzak bizirik gabe eta munduko gurari eta nahiez kutsasturik dituzutenean. Zeuen arimak
garbituaz bakarrik, oraintxe berton gogoratuko zenuteke leku hura eta inguru haiek, eta
nire hitzen egia agertuko litzaizueke guztioi.
Lerrorik sakratuenetan zortzigarrenean, Paradisuko bostgarren Taulak,
Berak dino:
20.- ALFERTASUNEZKO OHANTZEAN HILAK BEZALA ZATZATENOK!
Garaiak igan dira eta zuen bizitza bitxiak azkenetan dira; baina ala
ere, garbitasun izpi bat ere ez da heldu izan zuengandik nire santutasunezko egoitzara.
Hustasunezko itsasoan murgildurik ere, zeuen ahoz egertzen duzue Jainkoarekiko sineste
benetakoa eta bakarra. Nik gaitzesten dudana maitatu duzute, eta nire etsaia adiskidetzat
hartu duzute. Ala ere, neure lurraren gainean zabiltzate, zeuen buruez harro eta
atseginetan, eta ez zarete ohartzen, nire lurra zuetaz asperturik dagoela eta bertan den
guztiak zuengandik ihes egiten duela. Begiak irekiko bazenituzte, benetan nahiago izango
zenituzkete mila atsekabe alaitasun hau baino, eta heriotza bera ere bizi hau baino
hobetzat izango zenutekete.
21.- HAUTSEZKO ZER IBILKOR HORI!
Zurekin alkartasuna nahi dut, baina zuk ez duzu Nigan fidatu nahi. Zeure
asaldaketaren ezpatak eratsi du zure itxaropenaren zuhaitza. Ni beti zugandik hurbil nago,
baina zu beti Nigandik urrun zagoz. Amaibako aintza aukeratu dut zuretzat; baina zuk lotsa
amaiezina aukeratu duzu zeure buruarentzat. Itzuli zaitez garaia den artean, eta ez zazu
galdu zeure aukera.
22.- GURARIAREN SEMEA!
Urte askotan zehar saiatu izan dira jakintsuak, baina ez dute lortu
Guztiz Aintzatsuaren aurrera heltzea. Bera bilatzen igan zaie bizitza, baina bere
arpegiaren edertasuna ez dute ikusi. Inolako ahaleginik egiteke heldu izan zara zu zeure
jomugara, eta bila ibili barik aurkitu izan duzu nahi zenuena. Baina ala ere, zeurekerian
murgildurik jarraitu duzu, eta zure begiek ez dute ikusi Maitatuaren edertasuna, eta zure
eskuek ez dute ikutu bere soinekoaren barrena. Begira eta harritu zaitezte begiak
dituzuenok.
23.- MAITASUN HIRIKO BIZTANLEOK!
Heriotz haizealdiak eraso diote betirauneko sugarrari eta zerutiar
Gaztearen edertasuna, hautsaren ilunetan lauzotua dago. Jauntxokeriadun jendeak iraindua
izan da maitasunezko erregeen printzea eta hontzen erpetan atzirik dago santutasunezko
usoa. Aintzazko egoitzako eta zerutiar inguruko biztanleak negar eta auhen dagite, zuek
alferkeriaren menpean atseden hartuz benetako laguntzat dituzuelarik zeuen buruak. Zein
hutsalak diren zuen irudikizunak!
24.- JAKINTSUEN OSPEA DUZUEN ERGELOK!
Nire artaldeari erasoteko zain barruz otso bihurtu zaretenok, zergatik
hartzen duzue artzain itxura kanpoz? Egunsentia baino lehen ateratzen den izarra dirudi,
baina galbideetarantz eroaten ditu nire hiriko bidaiariak.
25.- BARRUZ USTELDUAK IZAN ARREN GUZTIZ ONAK DIRUDIZUTENOK!
Garbi itxurako ur minkaitza bezalakoak zarete, itxuraz garbia eta
gardena dirudi, baina ahoratzean, tanta bat bera ere ez duela onartzen Dastatzaile
gorenak. Hautsaren eta espiluaren gainera berdinki heltzen dela eguzkiaren izpia, egia da;
baina isladatzean, nolako aldea dagoen; areago, neurtezina da alde hori!
26.- HITZEZKO ADISKIDE HORI!
Gogoeta egin ezazu: Entzun ote duzu inoiz, adiskidea eta etsaia bihotz
berean bizi direnik? Beraz, bidali ezazu arrotza, Adiskidea bere etxean sartu dadin.
27.- HAUTSAREN SEMEA!
Zeru-lurretan dagoen guztia zuretzat ezarri dut, giza-bihotza izan ezik;
hau, neure edertasun eta aintzaren egoitzatzat hartu dut; baina zuk, Niri ordez beste bati
eman zenion neure etxea; eta nire santutasunak bere egoitza bilatzen zuen bakoitzean,
arrotz bat aurkitzen zuen bertan, eta etxerik ez aurkitzean, Maitatuaren santutegirantz
ihes egiten zuen. Hala ere, isilean euki dut zure barrukoa, eta ez dut nahi izan zu
lotsatzea.
28.- NAHIAREN MUINA!
Goiz baten baino gehiagotan etorri naiz Amaigabetasunezko eremuetatik
zure egoitzara, eta lasaitasunezko ohean aurkitu izan zaitut, beste batzuetaz arduraturik
eta ez Nitaz. Orduan, gogoaren izpia bezela, zerutiar aintzazko eremuetara itzuli izan
naiz, nire goietako egotegietako jende santuari ezer esateke.
29.- OPAMENAREN SEMEA!
Ezerezen eremuetatik, neure aginduzko buztinez agerrerazi zintudan, eta
zu hezia izateko ezarri nuen izadian den atomo bakoitza eta sorturiko guztiaren muina. Eta
zeure amaren sabeletik jaio baino lehen, esne argitsudun iturri bi ezarri nituen
zeuretzat, zainduko zintuzten begiak eta maitatuko zintuzten bihotzak ere bai. Neure
ontasun maitalearen bidez eta neure errukiaren itzalean hazi zintudan. Eta betirauneko
aginterria sartzeko eta nire izkutuko dohainak hartzeko dina izan zintezela zen nire
asmoa. Baina lasaikerian egon zinen, eta handi egin zinenean nire opari guztiak gutietsi
zenituen, zeure alferreko irudikerietan hainbesteraino arduratuz, ahanzkor bihurtu
baitzinen, eta Adiskidearen ateetatik urrunduz, neure etsaiaren egoitzan bizi izan zinen.
30.- MUNDUAREN MENPEKO ZAREN JOPU HORI!
Nire ontasun maitekorraren haizeak goizalde askotan jo izan zuen zure
gain, baina lo gogorrean aurkitu zintudan alferkeriaren ohean. Eta orduan, zure izaera
gaitzetsirik, bere abialekura itzuli zen.
31.- LURRAREN SEMEA!
Nahi banauzu, Neu bilatu nazazu eta ez besterik; eta nire edertasuna
ikustea nahi baduzu, munduaren eta bertan dagoen guztiaren aurrean begiak itxi itzazu;
izan ere, nire gogoa eta Ni ez den beste baten gogoa, sua eta ura bezala, ezin dira bizi
bihotz berean elkarturik.
32.- ARROTZ BABESTUA!
Nire ahalmenaren eskuak iziotu du zure bihotzeko garra; ez zazula itzali
nikeriaren eta inkernuaren haize etsaikorrez. Neure oroitza da zure gaitz guztiak
sendatzen dituena; ez zazu ahaztu hau. Nire maitasunez egin ezazu zeure altxorra, eta
zeure ikusmena eta zeure bizitza bestean aintzat izan ezazu.
33.- ENE ANAIA!
Nire mihin eztiaren hitz gozoak adi itzazu eta nire ezpain eztitsuetatik
darion santutasunezko iturrian edan ezazu. Nire jainkozko jakintzaren haziak erein itzazu
zure bihotzeko lur garbian eta ziurtasunezko urez garastatu itzazu, nire jakituria eta
ezagumenazko loreak eder erne daitezen zure bihotzeko hiri sakratuan.
34.- NEURE PARADISUKO BIZTANLEOK!
Paradisuko baratz sakratuan esku amultsuz sartu dut zuekiko maitasun eta
adiskidetasunaren zuhaitz berria, eta neure adei gurizko euriz garastatu dut. Eta bere
fruitua emateko garaia heldua den honetan, babesten ahalegin ezazue, gurariaren eta
inkernuaren garrak erre ez dezan.
35.- ENE ADISKIDEOK!
Ez zaitez larritu Gugandik urrun ez bazara behintzat. Eta ez zaitez
poztu, Gugana itzuli eta hurbiltzen ez bazara.
36.- GIZAKIAREN SEMEA!
Nork aditu ez dutenean hitzik egiten ez dutenak jakintsuak dira,
hartzeko gerturik den norbait aurkitu arte bere kopa eskaintzen ez duen koparia bezala,
eta bere maitearen edertasuna ikusi arte bere bihotz barrutik oihu egiten ez duen maitalea
bezela. Beraz, zeure bihotzeko lur garbian erein itzazu, jainko jakintzaren liliak
bihotzean erne daitezen arte, eta ez lokatzan edo buztinean.
37.- ENE JOPUA!
Ez ezazu utzi betirako den aginterria, galkorra dena hartzeko, eta ez
ezazu arbuiatu zerutiar agintetza, munduko gurari bat lortzeko. Errukitsuaren idazgailuko
iturritik eriona den bizitza iraunkorrezko ibaia da hau; zorionekoak beronetan edaten
dutenak!
38.- GOGOAREN SEMEA!
Apurtu ezazu zeure kaiola eta maitasunezko fenix bat bezala, igon zaitez
santutasunezko ortzera. Uka egiozu zeure buruari, eta errukitasunez beterik, jainko
santutasunaren egoitzan bizi zaitez.
39.- HAUTSAREN ADAXKA!
Igankorra den egun batetako lasaitasunaz ez zaitez poztu, eta ez ezazu
galdu betiko atsedena. Poz iraunkorrezko baratza ez ezazu trukatu hilkorra den mundu
batetako hauts pila bategatik. Igon zaitez zeure espetxetik goietako larretarantz, eta
zeure kaiola hilkorretik. Amaigabetasunezko paradisurantz egaz egizu.
40.- ENE JOPUA!
Mundu honetako kateak apurtu itzazu, eta askatu ezazu zeure arima
norberetasunaren espetxetik. Balia zaitez zeure aukeraz, berriz ez bait duzu izango inoiz.
41.- ENE MIRABEAREN SEMEA!
Aginterri iraunkorra ikusiko bazenu, mundu galkor honetatik ihes egiten
saiatuko zinateke. Baina lehen hori izkutatuz bigarren hau erakutsia izatea, bihotz
garbidunak izan ezik beste inork ulertu ezin duen misterioa da.
42.- ENE JOPUA!
Garbitu ezazu bihotza eta bekaizkerietatik garbi, santutasunaren
egoitzan sartu zaitez.
43.- ENE ADISKIDEOK!
Adiskideari atsegin zaizkion bideetan ibili beti, eta bere atsegina bere
sorkariena ere badela jakin ezazute. Beraz, gizaki batek ere ez du sartu behar bere
adiskidearen etxean; eta bere gain gainik hartu ere ez inola. Adimena duzuenok pentsa
ezazue horretan!
44.- ENE ERREGETZAKO ADISKIDEA!
Ez jaramonik egin txartasunari, eta ez begiratu ere; ez zaitez doilortu,
ez hasperenik egin, eta auhenik ere. Ez zazu ezer txarrik esan, horixe berori zeure
belarrietara heldu ez dadin; besteen hutsak ez itzazu handiagotu, zeureak ere handiagotuak
izan ez daitezen; ez ezazu nahi izan inor lotsaeraztea, zeure lotsakizuna agerrerazia izan
ez dadin. Beraz, une igankor bat baino ez diren zeure bizitzako egunak, orban bako
pentsakeraz, bihotz garbiz, eta jera santuz bizi itzazu, gero askatasunez eta pozez
gorputz hilkor hau utzi eta paradisu mistikorantz abiatu eta betirako egoitzan beti bizi
izan zaitezen.
45.- AI, AI MUNDUKO GURARIEN MAITALEOK!
Tximistaren abiaduraz igan zarete Maitatuaren albotik eta deabrukeriazko
ameskerietan ezarri duzute zeuen bihotza. Zeuen ameskeria hutsaren aurrean makurtzen
zarete eta egia dela esaten duzue. Arantza batetan begiak ezarriz, lili bat dela esaten
duzue. Arnasa garbi bat ere ez duzue atera, eta zuen bihotzetik ez da sortu izan
opamenezko haizerik. Haizetara jaurti dituzue Ondomaitatuaren aholku amultsuak, eta arras
ezabatu egin dituzue zeuen bihotzetako zerrendatik; eta abereak bezela, gurarizko eta
inkernuzko larretan bizi zarete eta zabiltzate.
46.- BIDETXIORKIDE ZARETEN ANAIOK!
Zergatik utzi duzue Maitatuaren esana eta arpegi santuagandik urrun
geratu? Zuek huskerietan diharduzuen bitartean, aintzazko tronoaren gainean, parerik
gabeko egoitzan dago edertasunaren muina. Han, santutasun usain gozoak hartzen dira eta
dohainezko haizeak joten dute, zuok guztiok horiek gabe eta nahigabeturik zabiltzaten
bitartean. Zorigaiztokoak zuok eta zuen bideetan dabiltzanak eta zuen urratsak jarraitzen
dituztenak.
47.- GURARIEN SEMEA!
Ken ezazu handiustezko soinekoa, eta erantzi ezazu argoikeriazko
jantzia.
Ikustezinaren idazgailuz Rubi Taulan idatzirik, lerro sakratuenen arteko
hirugarrenean, hauxe iragarten da:
48.- ENE ANAIOK!
Ez ezazute ezarri huskerietan zeuen bihotza, eta izan zaiteze
barkaitzaileak alkarrenganako. Ez zaiteze harrotu zeuen aintzaz, eta ez lotsatu apalduraz.
Ene edertasuna lekuko! Hautsetatik sortu ditut gauza guztiak eta hautsetara bihurtuko
ditut berriz.
49.- HAUTSAREN SEMEA!
Adierazi iezazkiezue aberatsei, txiroek gauerdian egiten dituzten
hasperenak; suntsidura bidera eroan ez ditzan nagitasunak, eta Aberastasunezko Zuhaitza
gaberik geratu ez daitezen. Ematea eta opakorra izatea, neure ezaugarriak dira; zorionekoa
nire ezaugarriz apaintzen dena.
50.- INKERNUAREN MAMINA!
Gutizia orotatik askatu zaitez eta pozik izaten saiatu; oroz gabetua
izan bait da beti gutiziakorra, eta maitatua eta goraldua pozik dena.
51.- ENE MIRABEAREN SEMEA!
Txirotasunean ez zaitez nahigabetu eta aberastasunean ez ipini ustea,
txirotasunaren urrengo etorri ohi bait da aberastasuna, eta honen ondoren txirotasuna.
Baina, Jainkoz ez bestez txiro izatea, doe zoragarria da; aintzat hartu ezazu bere balioa,
azkenean honexek egingo baitzaizu Jainkoz aberats eta horrela ulertuko duzu esaldi honen
esan-nahia: "Benetan txiroak zarete". Eta "Jainkoa da guztiaren
Eukitzailea" hitzak, aintzatsu eta dizdirati, benetako goizaren antzera agertuko dira
bihotz maitalearen ortzemugan, eta aberastasun aulkian tinko iraungo duzu.
52.- NAGIKERIAREN ETA INKERNUAREN SEMEOK!
Niretzat ordez beste batentzat zeuen bihotzean maitasuna gorde
duzuelako, neure etsaiari neure etxeko
atea ireki diozue, eta neure adiskidea kanporatu duzue. Entzun itzazue Adiskidearen hitzak
eta bere Paradisurantz itzuli zaitezte. Beraien onura bilatzen dute mundutar adiskideek,
alkar maite dutela irudikatzen dute, benetako adiskideak, zaretenak zaretelako maitatu eta
maitatzen zaituztelarik; zuek bideratzearren nahigabe asko hartu izan du. Ez zaitezte izan
hitz-jaleak honelako Adiskide batentzat; areago, joan zaitezte bizkor beraganantz. Izen
guztien Jaunaren idazgailuko ortzean agertu den zinezko hitzaren eta zintzotasunaren
eguzkia da hau. Ireki belarriak eta entzun Jainkoaren hitza. Arriskuetan laguntzaile
denarena, Ber-Berez Denarena.
53.- ABERASTASUN HILKORREZ HARROTZEN ZARETENOK!
Jakin ezazute benetan, bilatzailearen eta jomugaren artean, eta
maitalearen eta maitearen artean den hesi handi bat dela aberastasuna. Gutxi batzu izan
ezik, ez da helduko aberatsik inola ere, bera dagoen egoitzara, eta ez dira sartuko
pozezko eta jasamenezko hirian. Beraz, zorionekoa aberats izanik ere bere ogasunek
betikotasuna galerazten ez diotena, eta amaigabeko aginterria kentzen ez diotena. Izenik
Handiena lekuko! Gizaki aberats horren dizdirak argi egingo die zeruetako biztanleei,
eguzkiak lurrari egiten dion bezela.
54.- LURREKO ABERATSAK!
Zuen arteko txiroak dira nire gordailua; zaindu ezazue nire gordailua
eta ez arduratu zeuen onizateaz bakarrik..
55.- INKERNUAREN SEMEA!
Aberastasunaren kutsaduratik garbitu zaitez, eta joan zaitez
txirotasunezko erreinurantz bake osoan, oparotasunezko iturrian bizitza hilezkorraren
ardoa edan dezazun.
56.- ENE SEMEA!
Doilorrekin elkartzeak tristura gehitzen du, baina zintzoen kidetasunak
bihotzeko herdoila garbitzen du. Jainkoarekin elkartasunean izan nahi duenak, bere maiteen
lagun izatea bilatu dezala; eta Jainkoaren hitza entzun nahi duenak, bere hautatuen hitzak
aditu ditzala.
57.- HAUTSAREN SEMEA!
Adi! Ez zaitez alkartu gaiztoarekin eta ez bilatu kidetza berakin,
bihotzeko dizdira infernuko su bihurtzen bait du laguntza horrek.
58.- ENE MIRABEAREN SEMEA!
Espiritu Santuaren dohaia bilatzen baduzu, zintzoen lagun egin zaitez;
betiko bizitzaren kopa edan dute beroiek Kopari hilezkorraren eskutik, eta hildakoen
bihotzak argiztatzen eta bizkortzen dituen benetako goizaren gisakoak dira.
59.- NAGIOK!
Ez uste izan bihotzeko isilpekoak ezkutuan direnik; areago, jakin
ezazute zalantzarik gabe, hizki garbitan idatzirik eta Begi Santuaren aurrean guztiz
agerian direla.
60.- ENE LAGUNOK!
Benetan diotzuet: zuen bihotzetan ezkutatu duzuen guztia, eguna bezain
argia eta agerikoa Zaigula; baina ezkutuan irautea, geure dohain eta mesedearen ondorioa
da, eta ez zuen merezimenduarena.
61.- GIZAKIAREN SEMEA!
Neure errukiaren itsaso neurtezinetik tanta txiki bat isuri dut munduko
herrien gain; baina ez dut aurkitu beraganantz itzuli den inor ere; batasunezko ardau
zerutiarretik urrundu egin dira guztiak, zikintasunezko hondar ustelak nahiago izanez, eta
kopa hilkorra onartuz, betiko edertasunaren kaliza erdeinatu egin dute. Doilorra da
onartzen duten hori.
62.- HAUTSAREN SEMEA!
Ez itzazu kendu zeure begiak Maitatu hilezkorraren ardau paregabetik,
eta ez itzazu eroan zikinkeria hilkor eta ustelaganantz. Betiko bizitzaren kaliza onartu
ezazu jainkozko Kopariaren eskutik, jakintza guztia zeurea izan dezazun, eta
izkutukizunaren egoitzatik dei egiten duen ahots mistikoa entzun dezazun. Honela dio:
Gurari ziztrinak dituzuenok! zergatik arbuiatu duzue nire ardau hilezkor eta sakratua,
aienatzen den urez ordezkatuz?
63.- MUNDUKO HERRIAK!
Benetan jakin ezazue, ustegabeko zoritxar bat bazabilkizuela atzetik,
eta zigor mingarri bat duzuela itxoiten. Ez zazute uste izan, egin izan dituzuen egintzak
nire ikustetik ezabatuak izan direnik. Neure edertasuna lekuko! Krisolitazko tauletan
hizki garbiz idatzi izan ditu nire idazgailuak zuen egintza guztiak.
64.- LURRAREN ZANPATZILEOK!
Kendu itzazue zeuen eskuak jauntxokerietatik, beraien okerkeriak inori
ere ez barkatzeko erabakia hartua bait Dut. Zaindutako taulan atzeraezinez erabakia dudan
neure hitzarmena duzue hau, neure aintzazko zigiluz joa.
65.- ASALDATUOK!
Nire barkamenak adorea eman dizue eta nire jasamenak nagiak bihurtu
zaituzte, eta suntsidurara daroen bide arriskutsuetan zehar zirikatu duzue inkernuzko
zaldi sutsua. Arduragea naizela edo ez nintzela ohartzen uste izan ote duzue?
66.- IBILKARIOK!
Ez ezazue gezur gaiztoz zikindu, neu aipatzeko aukeratu dudan mihina.
Norberekeriaren suak gainditzen bazaituzte, gogoratu zeuen hutsegiteak, eta ez nire
sorkarienak, zuetako bakoitzak zeron burua hobeto ezagutzen bait duzue, besteenak baino.
67.- AMESKERIAREN SEMEOK!
Benetan jakin ezazute, betiko santutasunaren ortzemugan goiz argia
agertzen denean, gaueko ilunpean eginak izan diren deabrukeriak eta isilkizunak azalduak
eta munduko herrien aurrean agerian ezarriak izango direla.
68.- HAUTSETATIK SORTUA ZAREN SASITZA!
Zergatik ez duzu ikutu lehenago zeure soinekoa zeure esku zikinez eta
gurariz eta inkernuz zikindutako bihotzez, zergatik nahi duzu nirekin elkartzea eta nire
egoitza sakratuan sartzea? Zure jomugatik urrun, oso urrun zagoz.
69.- ADANEN SEMEOK!
Aintzazko zerura igoten dira hitz santuak eta egintza garbiak eta onak.
Egizue ahalegin zuen egintzak norberekeriazko hautsetik garbituak izan daitezen eta
aintzazko egoitzan harrera ona izan dezaten; zintzotasun osoa eta guztiz garbiak ez diren
beste ezer ez bait dute onartuko laster Gurtuaren begi sakratuen aurrean, gizartea
arakatzen dutenek. Jainkozko gogoaren ortzemugan dizdira egin duen jakintzazko eta
jainkozko izkutukien eguzkia da hau. Zorionekoak beronengana itzultzen direnak.
70.- MUNDUKERIAREN SEMEA!
Atsegina da izatearen erreinua, bertara helduko bazina; aintzatsua da
betirauneko aginterria, hilkortasunezko mundutik haratago joango bazina; gozoa da zoraldi
sakratua, zerutiar Gaztearen eskuetatik kaliz mistikoan edango bazenu. Egoera honetara
helduko bazina, suntsiketatik eta heriotzatik, neketik eta pekatutik libratuko zinateke.
71.- ENE ADISKIDEOK!
Zaman-eko barrutietan Paran mendian nirekin egin zenueten hitzarmena
gogoratu ezazue. Betikotasunezko hiriko biztanleak eta goietako jendetza izan nuen
lekukotzat; baina orain, hitzarmenari men egiten dion inor ere ez dut aurkitzen.
Harrokeriak eta asaldakeriak bihotzetatik ezabatu egin dute seguraski, bere aztarnarik ere
geratzen ez delarik. Baina hau jakinik ere, itxoin egin dut salatzeko.
72.- ENE ZERBITZARIA!
Gozo oneko ezpata bat bezelakoa zara, zorroaren ilunpean izkutatua,
egileak ere balioa ezagutzen ez duelarik. Beraz, irten zaitez norberekeriazko eta
gurarizko zorrotik, zure balioa mundu guztiaren aurrean ageri izan daiten eta dizdira egin
dezan.
73.- ENE ADISKIDEA!
Neure santutasunezko zeruetako eguzkia zara; ez ezazu utzi munduko
kutsaduraz itzaltzen zeure dizdira. Nagikeriaren sarea urratu ezazu, odeien gainetik
dizdirati agertzeko eta izaki guztiak bizi harnasaz apaintzeko.
74.- HANDIUSTEAREN SEMEAK!
Nire betirauneko aginterria utzi egin duzue, aginterri igankor
bategatik, eta munduko jantziteria alaiez apaindu zarete, horretaz arranditsu agertuz.
neure edertasuna lekuko! Kolore bereko hauts geruza baten azpian bilduko ditut denak eta
kolore ezberdin guztiok ezabatu egingo ditut, neurea aukeratzen dutenenak izan ezik, eta
kolore orotik garbituak izango dira.
75.- NAGIKERIAREN SEMEOK!
Ez ezazute ipini zeuen zaletasuna agintetza hilkorrean eta ez zaitezte
poztu horretaz. Arriskurik ikusteke adarrean kantatzen duen txori zuntzuna bezelakoak
zarete, itsumutsuan ehiztarien heriotzak lurrera amiltzen duen arte, eta melodia, itxura
eta kolorea aienatu egiten dira, aztarnarik utzi gabe. Beraz, arretaz ibili, gurariaren
jopuok!
76.- ENE MIRABEAREN SEMEA!
Bidea beti hitzez erakutsia izan da, baina orain egintzaz egiten da.
Garbiak eta santuak diren egintzak agertu behar dituzue guztiok, hitzak guztien jabetza
berdina bait dute, horrelako egintzak gure maiteenak bakarrik diren bitartean. Beraz,
gogoz eta bihotzez saiatu zaitezte, zuen egintzen bidez nabarmentzeko. Aholku hauxe ematen
dizuegu taula santu eta dizdiratsu honetan.
77.- ZUZENTASUNAREN SEMEA!
Gauean, leialtasunezko esmeral tontorretik Sadratu'l Muntahá
delakorantz joan zen Izaki hilezkorraren edertasuna, eta halako intziriz negar egin zuen,
goietako jendetzak eta zerutiar biztanleek hasperen egin bait zuten intziria entzutean.
Orduantxe entzun zen galdera, zergatik intziriak eta negarra? Eta berak erantzun zuen:
Agindua izan zidan gisan, adikor itxoin nuen leialtasunaren mendigainean, baina ez nuen
hartu leialtasun usainik lurrean bizi direnengandik. Gero, itzultzekodeitua izanik,
begiratu egin nuen eta, horra hor! lurreko txakurren erpez oinazetuak ziren zenbait
santutasunezko uso. Orduan, zeruko Neskatxa bere egoitza mistikotik azkarki irten zen,
errezelik gabe eta dizdirati, eta izenen galdera egin zuen; bat izan ezik beste guztiak
eman zizkioten. Eta berriz galdetzean, lehen letra ahozkatua izan zen; orduan, zeruko
bizitegietako biztanleak arrapataz irten ziren beren aintzazko egoitzetatik. Eta bigarren
letra ahozkatua zen bitartean, lurrera erori ziren guztiak eta bakoitza. Barrurengo
santutegitik ahots bat sortu zen une horretan: "Honaino aski da". Benetan, egin
dutenaren eta egiten ari direnaren lekukotasuna ematen dugu.
78.- ENE MIRABEAREN SEMEA!
Errukitsuaren mihinetik jainko misteriozko uretik edan ezazu, eta
jainkozko adierazketaren goizabarrean jakintzazko eguzkiaren dizdira ageria ikusi ezazu.
Nire jainkozko jakintzaren haziak erein itazu bihotzeko lur garbian eta ziurtasunezko urez
garastatu itzazu, bihotzeko hiri sakratuan guri eta indartsu erne daitezen jakintzazko
liliak.
79.- GURARIAREN SEMEA!
Noiz arte ibiliko zara amestegietan zehar egaz? Santutasun mistikoaren
erreinuetarantz igon zaitezen eman dizkizut hegoak, eta ez deabrukeriazko amestegietarantz
joateko. Nire ile beltzak orraztu ditzazun orrazi bat ere eman dizut, eta ez nire iztarria
urratzeko.
80.- ENE ZERBITZARIOK!
Nire baratzeko zuhaitzak zarete; fruitu bikain eta ikusgarriak eman
behar dituzue, zeuek eta besteek horietaz onura izan dezazuen. Beraz, guztioi dagokizue
lanbideetan ari izatea, honetan bait dago aberastasunaren giltza, adimena duzuenok!
Ondorioak bitartekoengandik sortzen bait dira, eta Jainkoaren grazia guztiz nahikoa izango
da zuentzat. Fruiturik ematen ez duten arbolak, sutarako izan dira eta izango dira beti.
81.- ENE ZERBITZARIA!
Lurrean fruiturik ematen ez dutenak dira gizakien artean doilorrenak.
Horrelako gizakiak hildakotzat hartuak izaten dira benetan; areago, Jainkoaren aurrean
hildakoak hobeak dira, horrelako gizaki alfer eta ahulak baino.
82.- ENE ZERBITZARIA!
Beraien lanbidearen bidez ogia irabazten dutenak, eta beraientzat eta
familiarentat irazten dutenak, Mundu guztietako Jauna den Jainkoaganako maitasunez, horiek
dira gizakirik onenak.
Lehen adierazkizunaren errezelpean izkutatua zen Emaztegai mistiko eta
ikusgarria agertua dugu orain, Jainkoaren grazia eta mesedeagatik, Maitatuaren edertasunak
sortzen duen argi dizdiratsua bezela. Lekuko nauzue, ene adiskideok! mezedea guztizkoa dela,
arrazoi betea, ageriko argibidea eta erabakitako egia. Emankortasunezko bidetxiorrean zuen
ekinaldiek azalduko dutena ikusia izan daitela oraintxe. Honela, jainkozko mezedea betean
emana izan zaizue zuoi eta zeru-lurretan direnei. Mundu guztietako Jauna den
Jainkoarentzat izan bedi goralpen oro.
|