Lehen Zatia

(Arabieratik)

Aintza guztien artea Aintza da Bera.
Hauxe da aintzazko erreinutik jaitsi dena, 
indarraren eta agintearen mihiak aldarrikatua 
eta izandako Iragarleek iragarria. 
Bere muineko izatea hartu dugu, 
zuzenak diranen onerako, 
Jainkoarekiko Hitzarmenari loturik iraun dezaten, 
beren bizitzetan duten beharkizuna bete, 
eta jainko ontasunaren oparia lortu dezaten 
gogoaren erreinuan.

 
 
 

1.-  GOGOAREN SEMEA!

Hauxe da nire lehen aholkua: Bihotz garbia izan ezazu, ongilea eta alaia, aintzinetako aginte bat, amaitezina eta betikoa, zeurea izan dadin.
 

 

2.- GOGOAREN SEMEA!

Nire begien aurrean, Zuzentasuna da gauza guztietan maiteena; maite ba Nauzu, 
ez zaitez aldendu beragandik, eta jagon ezazu, zugan uste izan dezadan. 
Bere laguntzaren bidez, zeure begiz ikusiko duzu, eta ez besteen begiz, eta zeure adimenez jakingo duzu, eta ez zeure urkoaren adimenez. Ausnartu egizu zeure bihotzean, nolakoa izan behar duzunez. Zuzentasuna da benetan zuretzako nire opariaeta nire ontasun amultsuaren zantzua. Izan ezazu beraz, zeure begien aurrean.
 

 
 

3.- GIZONAREN SEMEA!

Neure betidaniko izatean eta izate honen antzinetako betikotasunean izkutaturik, ezaguna nuen zureganako neure maitasuna; horrexegatik sortu zaitut, neure irudia zuregan tinkatu 
eta neure edertasuna azaldu dizut.
 

 
 

4.- GIZONAREN SEMEA!

Zure sorketa maite izan nuen;horregatik sortu zintudan. Beraz, maitatu nazazu, zure izena aipatu eta zure arima bizitzadun gogoz bete dezadan.
 

 

5.- IZATEAREN SEMEA!

Maitatu nazazu, Neuk ere maite zaitzadan. Zeuk maite ez baNauzu, inoiz ez da helduko nire maitasuna zuregana. Ulertu ezazu, ene jopua.
 

 
 

6.- IZATEAREN SEMEA!

Neure maitasuna da zure zerua; nirekin alkartzea, zeruko zure egoitza. Sartu zaitez eta ez atzeratu. Hauxe da zuretzat erabakia izan dena gure goietako erreinuan eta gure aginte aintzatsuan.
 

 
 

7.- GIZAKIAREN SEMEA!

Maite ba nauzu, ahaztu zaitez zeure buruaz, eta nire atsegina opa baduzu, ez ezazu aintzat hartu zeurea, Neugan hil zaitezen eta Neu zeugan bizi izan nadin betiraunean.
 

 
 

8.- GOGOAREN SEMEA!

Zeure burua ukatu eta niganantz itzultzen ez zaren bitartean ez da izango bakerik zuretzat; 
neure izenean aintza hartzea dagokizulako, eta ez zeurean, zure ustea Nigan ezartea dagokizulako, eta ez zeugan, gauza guztien gainetik eta bakarrik maitatua izatea nahi dudalako.
 

 
 

9.- IZATEAREN SEMEA!

Neure maitasuna da nire gaztelua, bertara sartzen dena babesturik eta arriskuge izango da, 
baina hortik aldentzen dena galduko da eta hondatuko da.
 

 
 

10.- ADIERAZPENAREN SEMEA!

Zeu zara nire gaztelua; sartu zaitez bertara arriskuge izan zaitezen. Nire maitasuna zeugan dago; ezagutu ezazu, zeure ondoan aurkitu nazazun.
 

 
 

11.- IZATEAREN SEMEA!

Zeu zara nire kriseilua eta nire argia zugan dago. Honetatik atera ezazu zeure dizdira eta ez ezazu Neu ez beste inor bilatu. Joria sortu zaitudalako eta neure onegitea eskuzabalez zuregana isuri dudalako.
 

 
 

12.- IZATEAREN SEMEA!

Ahalmenaren eskuz egin zintudan eta indarraren hatzez sortu zintudan; eta neure argiaren izatea ezarri nuen zeure barruan. Horrekin aski izan ezazu eta ez izan besteren auterestiarik, 
nire egintza bikaina delako eta nire agindua itzuri ezina. Ez ezazu eztabaidatu, edo zalantzan ezarri.
 

 
 

13.- GOGOAREN SEMEA!

Aberats sortu zintudan, zergatik zoaz txirotuz? Martzal egin zintudan, zergatik doilortzen duzu zeure burua? Jakintzaren muinetik eman nizun izatea, beraz, zergatik zabiltz argitasunaren bila Nigandik at? Maitasunezko buztinez oratu zintudan, beraz, nola ezarri dezakezu zure ardura beste batengan? Itzuli ezazu begirada zeure buruaganantz, zeure barruan aurkitu Nazazun, indartsu, ahaltsu eta berez iraunkor.
 

 
 

14.- GIZAKIAREN SEMEA!

Nire agintekoa zara zu eta nire agintea galezina da, beraz, zergatik duzu aienatzako beldurra? Neure aintza zara zu eta nire aintza ez da itzaltzen; neure jazkia zara zu eta nire jazkia ez da igatzen inoiz.Beraz, iraun ezazu tinko Niganako maitasunean, aintzazko erreinuan aurkitu Nazazun.
 

 
 

15.- ADIERAZPENAREN SEMEA!

Itzuli ezazu zeure arpegia neureganantz eta Neu ez beste guztia utzi ezazu, nire jauntasuna iraunkorra bait da, eta nire agintea amaigabea. Ni ez beste bat bilatzen hasiko bazina, izadi osoa betiraunean arakatuko bazenu ere, alferrekoa izango litzateke zure bilaketa.
 

 
 

16.- ARGIAREN SEMEA!

Ni ez beste guztiak ahaztu itzazu, eta nire gogoaz elkartasunean jarri zaitez. Hauxe da nire aginduaren muina; itzuli zaitez beraz, horretara.
 

 

17.- GIZAKIAREN SEMEA!

Aski izan ezazu nirekin eta ez ezazu beste inor bilatu laguntza eman diezazun, Ni beste inor ez duzulako aski izango inoiz.
 

 
 

18.- GOGOAREN SEMEA!

Zuretzako nahi ez duguna ez iezadazu eskatu; beraz, aski izan ezazu zure onerako erabaki izan dugunaz, horrexetan duzulako onura, hori ontzat hartzen baduzu.
 

 
 

19.- IKUSKIZUN ZORAGARRIAREN SEMEA!

Neure Gogoaren hatsa sartu dizut barruan, neure maitale izan zaitezen; zergatik utzi nauzu, Ni ez beste maite bat bilatuz?
 

 
 

20.- GOGOAREN SEMEA!

Zuganako nire eskea handia da; ezin ahaztu daiteke.Nire maitasunak zugan ezarri du bere egoitza; ezin isilpetu daiteke. Nire argia ageri zaizu; ilundu ezina da.
 

 

21.- GIZAKIAREN SEMEA! 

Aintza disdiratsuzko zuhaitzean igalirik onenak zuretzat ezarri izan ditut, beraz, zergatik aldendu zara, txarragoa ontzat emanez? 
Goietako erreinuan zuretzat hobea denagana itzuli zaitez beraz.
 

 

22.- GOGOAREN SEMEA!

Martzal sortu zaitut; baina zure burua doilortu egin duzu. Beraz, jaso ezazu zure burua, 
sortzean emana izan zaizun betekizunaren mailaraino.
 

 

23.- GOGOAREN SEMEA!

Betiraunerako dei egiten dizut; baina zuk amaikorra bilatzen duzu. Zerk bultzatu zaitu gure nahia utzi eta zureari jarraitzeko?
 

 
 

24.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ez itzazu gainditu zure mugak, eta ez dagokizunik eskatu ere. Ahalmenaren eta indarraren Jauna den zeure Jainkoaren arpegiaren aurrean makurtu zaitez.
 

 
 

25.- GOGOAREN SEMEA!

Ez zaitez harrotu txiroaren gainetik, berari bere bidea erakusten diodalako, eta zu zeure txartasunean ikusten baitzaitut eta betirako lotsarazten zaitut.
 

 
 

26.- IZATEAREN SEMEA!

Nola izan daiteke, zeure hutsak ahaztu eta besteren hutsez arduratzea? Hori egiten duena madarikatzen dut.
 

 

27.- GIZAKIAREN SEMEA!

Zeu bekatari bat zaren bitartean ez ezazu besteen hutsik marmarikatu. Agindu hau beteko ez bazenu, gaitzetsia izango zinateke, eta hau neuk diot.
 

 

28.- GOGOAREN SEMEA!

Hau jakin behar duzu. Gizakiei zuzena izatea agintzen diena eta bera gaiztakerietan ari dena, benetan, ez da Nigandikoa, neure izenean ibili arren.
 

 

29.- IZATEAREN SEMEA!

Ez iezaiozu inori egotzi, zeuri egoitza izatea nahi ez zenukeena, eta ez ezazu esan egiten ez duzunik. Hauxe da zuretzako nire agindua; bete ezazu.
 

 

30.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ez ukatu nire zerbitzariari berak eskatzen dizuna, bere arpegia neure arpegia delako; beraz, lotsatu zaitez Nire aurrean.
 

 
 

31.- IZATEAREN SEMEA!

Zeure buruari kontu eskatu iezaiozu egunero kontu horiek ematera deitua izan baino lehen; 
ez ustean helduko baitzaizu heriotza, eta zeure egintzen kontua ematera deitua izango zara.
 

 

32.- GORENGOAREN SEMEA!

Alaitasunaren mezulari egin dut heriotza zuretzat. Zergatik larritzen zara? Zure gain argia dizdiratu dadila egin dut. Zergatik izkutatzen zara beragandik?
 

 

33.- GOGOAREN SEMEA!

Argiaren berri atseginekin agurtzen zaitut; alaitu zaitez! Santutasun egoitzara dei egiten dizut: hortxe bizi izan zaitez, betiraunean bakean izan zaitezen.
 

 

34.- GOGOAREN SEMEA!

Elkartasunaren berri atseginak daramazkizu santutasun gogoak: Zergatik larritzen zara? 
Ahalmenaren gogoak bere sorburuan errotzen zaitu: Zergatik izkutatzen zara? 
Bere arpegiko argiak bidea erakusten dizu; nola galdu zaitezke?
 

 

35.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ez zaitez larritu Gugandik urrun ez bazara behintzat. Eta ez zaitez poztu, Gugana itzuli eta hurbiltzen ez bazara.
 

 

36.- GIZAKIAREN SEMEA!

Zeure bihotzeko alaitasunez poztu zaitez, Ni aurkitzeko eta nire edertasuna isladatzeko dina izan zaitezen.
 

 

37.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ez ezazu kendu nire soingaineko ederra, eta ez ezazu galdu nire iturri harrigarritik dagokizun zatia; betirako egarriz geratuko zinateke. 
 

 

38.- IZATEAREN SEMEA!

Bete itzazu nire aginduak Neuganako maitasunez eta ukatu ezaiozu guraria zure buruari, nire atsegina nahi baduzu. 
 

 

39.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ez itzazu betetzeke utzi nire aginduak, nire edertasuna maite baduzu, eta ez itzazu ahaztu nire aholkua, nire oneritzia lortu nahi baduzu.

 

40.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ortzegune amaitezina lastertasunez iragongo bazenu eta zerugunea zeharkatuko bazenu ere, ez zenuke bakerik aurkituko, gure aginduari menderatzen eta gure arpegiaren aurrean apaltzean izan ezik.

 

41.- GIZAKIAREN SEMEA!

Nire izatea goretsi ezazu, neure handitasunaren izkutukizunak azaldu diezazkizudan eta betikotasunezko argiz zuregan dizdiratu dezadan.

 

42.- GIZAKIAREN SEMEA!

Apaldu zaitez Nire aurrean, Neu adeitsu zureganatu nadin. Nire izatearen garaipenaren alde jaiki zaitez, oraino lurrean izan arren ere gurenda lortu dezazun.

 

43.- IZATEAREN SEMEA!

Neure lurrean Nire aipamena egin ezazu, neure zeruan Nik oroitu zaitzadan; horrela, atsegin izango dute nire begiek eta zureek

 

44.- TRONOAREN SEMEA!

Zure entzumena neure entzumena da, entzun zazu berorrekin. Zure ikusmena neure ikusmena da, ikusi ezazu berorrekin, nire santutasun gartsuaren lekuko izan zaitezen zeure gogoaren muinean, eta Nik neure izatearen barruan zuganako jarrera gartsu baten lekukotasuna eman dezadan.

 

45.- IZATEAREN SEMEA!

Martirien heriotza bilatu ezazu nire bidetxiorrean, nire nahiaz pozik eta agintzen dudanari eskerronez, neurekin atseden hartu dezazun maiestatezko ohesapaiaren pean, aintzategiaren atzean.

 

46.- GIZAKIAREN SEMEA!

Pentsa ezazu eta gogoeta egin: Ohean hiltea nahi duzu ala zure odola lurrera isurtea, martii gisa nire bidetxiorrean? Eta horrela, nire agintearen agerkari izan, eta nire argiaren erakusle zerurik gorenean? Erabaki zazu behar bezala, zerbitzari horrek!

 

47.- GIZAKIAREN SEMEA!

Neure edertasunagaitik! Zure ileak zeure odoletan gorritzea, Munduaren sorketa eta bi mundutako argia egitea baino haundiagoa da nire begien aurrean. Beraz, lortzeko ahalegin zazu, zerbitzari horrek!

 

48.- GIZAKIAREN SEMEA!

izaki bakoitzarentzat zantzu bat dago. Maitasunaren zantzua, nire aginduan tinko izatea eta nire frogaldietan jasamena izatea da.

 

49.- GIZAKIAREN SEMEA!

Atsekabea irrikitzen du benetako maitaleak, asaldatuak parkapena eta pekatariak errukia nahi dituzte bezalaxe.

 

50.- GIZAKIAREN SEMEA!

Nire bidetxiorrean zoritxarra zuganatuko ez balitzaizu, nola jarraituko zenituzke, nire nahiarekin pozik direnen bideak? Ni aurkitzeko zure nahian frogaldiek larrituko ez bazintuzte, nola aurkituko zenuke argia, nire edertasunaganako zure maitasunean?

 

51.- GIZAKIAREN SEMEA!

Nire zorigaitza neure arduramena da, itxuraz sua eta mendekua da, baina barruan argia eta errukia da. Etorri zaitez lasterka beronenganantz, betirako argia eta gogo hilezina izatera heldu zaitezen. Hauxe da, zuretzako nire agindua; bete zazu.

 

52.- GIZAKIAREN SEMEA!

Jorialdia heltzen bazaizu, ez zaitez poztu, eta apalaldia heltzen zaizunean ez zaitez larritu, biak joango bait dira, eta bukatuko dira.

 

53.- IZATEAREN SEMEA!

Txirotasunak harrapatzen bazaitu, ez zaitez atsekabetu, aberastasunaren Jauna garaiz helduko zaizulako ikustera. Ez zaitez izan apalduraren beldur, egunen batean zugan aintza izango delako.

 

54.- IZATEAREN SEMEA!

Zeure bihotza, betirauneko eta hilezkorra den agintaritza honetan eta aintzinako ta betiko bizitza horretan ipintzen baduzu, utzi zazu agintetza hilkor eta iragankor hori.

 

55.- IZATEAREN SEMEA!

Ez zaitez arduratu mundu honetaz, urrea suaz ziurtatzen bait dugu, eta gure zerbitzariak urrez.

 

56.- GIZAKIAREN SEMEA!

Zuk urrea nahi duzu eta Nik zu urretik aske izatea nahi dut. Urrea eukitean aberats ikusten duzu zeure burua, eta urretik garbi zarenean ikusten dut Nik zugan aberastasuna. Ene izatearren! Hauxe da nire ezagutza eta hura zure ameskeria. Nola bat etorri daiteke nire asmoa zurearekin?

 

57.- GIZAKIAREN SEMEA!

Neure txiroekin irazi ezazu nire aberastasuna, amaibako diztiran eta betirauneko aintzan parte izan dezazun zeruan. Baina, ene izatearren! aintzagarriago duzu zeure gogoa opatzea, nire begiz ikusi ahal bazenu.

 

58.- GIZAKIAREN SEMEA!

Izatearen jauretxea da nire tronoa; edozertatik garbitu ezazu, bertan jarri eta bizi Nadin.

 

59.- IZATEAREN SEMEA!

Zure bihotza da nire egoitza; santutu ezazu ni jaisterako. Zure gogoa da nire iragarlekua; garbitu ezazu bertan ageri nadin.

 

60.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ezarri ezazu zeure eskua nire bularrean, zure gain jaiki Nadin, alai eta diztiratsu.

 

61.- GIZAKIAREN SEMEA!

igon zaitez ene zerura, elkartasunaren poza izan dezazun eta betirauneko aintzaren kalizeko ardau paregabea edan dezazun.

 

62.- GIZAKIAREN SEMEA!

Ameskerietan eta alferreko irudiketan ari zinelarik, egun asko igan da zure gaindi. Noiz arte egongo ote zara lozorroan zure ohean? Jaso zazu burua lotatik, bere ekainera heldu bait da Eguzkia, eta agian, edertasunaren argiz diztiratu dezake zure gain.

 

63.- GIZAKIAREN SEMEA!

Mendi sakratuko ortzemugatik argiak dizdira egin du zure gain eta argitasunaren gogoak putz egin du zure bihotzeko Sinai horretan. Beraz, askatu zaitez ameskerien lauzotik eta sartu zaitez neure zeruan, amaibako bizitza duin izan zaitezen, eta neu ikustea atzeman dezazun. Horrela, agian ez zaizu helduko heriotza, ez nekadura, eta ez atsekabea ere.

 

64.- GIZAKIAREN SEMEA!

Nire betikotasuna neure sorketa da; zeuretzat sortu dut. Zeure jauretxeko jantzia egizu berorrekin. Nire batasuna neure egintza da; zeuretzat egin dut. Apaindu zaitez berakin, nire izate betikorraren iragarpena izan zaitezen betiraunean.

 

65.- GIZAKIAREN SEMEA!

Nire itzeltasuna, zuretzat nigandiko oparia da, eta nire handitasuna, zuretzat dudan dohainaren agerbidea. Inork ere ez du ulertuko. Neure neurea dena, eta inork ere ezingo du adierazi. Neure barru izkutuetan eta neure aginteko altxorretan gorde izan dut benetan, neure herriearentzat dudan errukiaren ikurtzat.

 

66.- JAINKO IZATE IKUSTEZINAREN SEMEAK!

Ni maitatzea eragotzia izango zaizue, eta gogoak nahaseraziak izango dira. Ni aipatzen nautenean, dimenak ezin nautelako ulertu eta bihotzak ezin nautelako euki.

 

67.- EDERTASUNAREN SEMEA!

Ene gogo eta ene mezedearren! Neure dohain eta edertasunarren! Ahalmenaren hitzez azaldu dizudan guztia, eta indarraren lumaz zuretzat idatzi dudan guztia, zure gaitasunaren eta ulermenaren araberakoa izan da, eta ez nire izamenaren eta nire ahots doinuaren araberakoa.

 

68.- GIZAKIEN SEMEAK!

Agian ez ote dakizue zergatik hautsez egin zaituegun guztiok? Inork ere bere burua besteena baino gorago ezarri ez dezan. Nola eginak zareten ausnartu ezazute beti zeuen bihotzean. Guztiok gai bat berakin egin izan zaituztegunez, arima bat bera bezela izan behar duzue, oin berekin ibili, aho beraz jan eta lur berean bizi, zuen egintzen bidez batasunaren ikurra eta opakortasunaren erroak ageri izan daitezen zuen gogo barrutik. Hauxe da eskaintzen dizuedan aholkua, argia lagun! Jaramon iezaiozue aholku honi, aintza harrigarrizko zuhaitzaren santutasunezko fruitua lortu dezazuen.

 

69.- ZUEK, GOGOAREN SEMEOK!

Neure altxorra zarete, neure ezkutukizunen perlak eta neure jakintzazko bitxiak zuengan bildu ditudalako.
Eman iezazkiezue nire zerbitzarien artean arrotzak direnei eta nire herriaren artean gaiztoak direnei.

 

70.- BERE IZATEAREN ERREINUAN BERE IZAKIRA MUGATZEN ZENAREN SEMEA!

Santutasunezko usaingozo guztiak zure gain isuri ditudala, neure hitz osoa azaldu dizudala, neure emankortasuna zeure bidez hobetu izan dudala, eta neure izateari opa izan diodana zeuri ere opa izan dizudala jakin behar duzu. Beraz, poztu zaitez nire nahiaz eta esker onekoa izan zaitez nirekiko.

 

71.- GIZAKIAREN SEMEA!

Argizko tintaz idatzi ezazu zeure gogoaren orrian, iragarri dizugun guztia. Eta zeure gogoaren orrian, iragarri dizugun guztia. Eta zeure eskuan ez bazenu hori, zeure bihotzeko esentziaz egin ezazu tinta. Ezin baduzu egin hau, nire bidetxiorrean isuri izan den tinta gorriarekin idatzi ezazu. Beste guztia baino atseginagoa da hau Niretzat; argi horrek iraun dezala beti.

 

[ aurkezpena | sarrera | bigarren zatia | e-mail ]