| Baháulláh-k ziegatik irten eta berrogei urte iraungo zuen erbestera
jo zuen, Bere jaioterritik urrutira. Lehen xedea Bagdad izan zuen. Urtebete pasata,
Baháulláh Kurdistaneko mendi mortuetara abiatu zen, bertan meditazio
bakartuzko bi urtetan zehar bizi zelarik.
Garai horren alderdi askok gogora dakarte
beste erlijioetako Fundatzaileen hertsialdia: Budaren ibilaldiak, Kristok basamortuan
emandako berrogei gau eta egunak, eta Mahonak Hira Mendiko leizean pasatako erretiroa.
1856an, exiliatu babi-ek hala eskatuta,
Bagdadera itzuli zen. Haren zuzendaritza berrituaren pean, babi komunitatearen sona hazten
hasi zen. Baháulláh-k gidari izpiritual gisa zuen ospea hiri osoan zehar
zabaldu zen. Horregatik, eta Haren entzuteak Pertsiako komunitate babiaren adorea sendo
zezakeelako beldur, Shahren gobernuak agintari otomandarrek herrialde are urrunagoetara
bidal zezaten lortu zuen.
1863ko apirilean, Bagdadetik aldegin
aurretik, Baháulláh eta Haren lagunak kanpatuta zeuden Tigrisen ertzetan
kokatutako lorategi batean. Hil hartako 21etik maiatzaren 2a arte,
Baháulláh-k inguruan zituen babi-ei aldarrikatu zien Bera zela Bábak eta,
egia esan, gizateriaren Idatzi Sakratuek Iragarritakoa.
Lorategiari Ridván izena
jarri zioten, zeinak arabieraz paradisu esan nahi baitu. Han emandako hamabi
egunen urteurrena, Ridvánen Jaia bezala ezaguna, egutegi baháí-aren
ospakizun pozgarriena da.
1863ko maiatzaren 3an, Bere familia eta
zenbait lagun aukeratu inguruan zituela, Baháulláh Istambul aldera abiatu
zen, Inperio Otomandarraren hiriburura. Une hartan Baháulláh herriaren ospe eta
maitasun izugarria zuen pertsonaia zen. Begizko lekukoek urtzitako kontaketek abiatzearen
deskribapen hunkigarria utzi digute, bertan ikusleen malkoak eta agintariek eskaini zioten
ohorezko tributua nahasten direlarik.
"Ez
dut inoiz lurrean buruzagitzarik nahi izan. Nire xede bakarra izan da gizakiei Jainkoak
agindu didana ematea". --Bahá'u'lláh |
Istanbulen lau hilabete pasa ondoren,
Baháulláh preso bidali zuten Adrianopolisera (egungo Edirne), bertara 1863ko
abenduaren 2an iritsi zelarik. Aipatu hirian eman zituen bost urteetan zehar,
Baháulláh-ren ospea etengabe zabaldu zen; horren proba da Haren pertsonak
aditu, diplomatiko eta administrazioko funtzionario gorenen zirkuluetan sortu zuen interes
eskerga.
1867ko iraila inguruan,
Baháulláh epistola sorta bat idazten hasi zen, garai hartako gobernuburuei
zuzenduak, besteak beste Napoleon III. enperadoreari, Victoria erreginari, Gillermo I.
kaiserrari, Alejandro II. zarrari, Frantzisko Jose enperadoreari, Pio IX. Aita Santuari,
Abdul-Aziz sultanari eta Nasirid-Din Pertsiako Shahri.
Haietan, Baháulláh-k argi
eta garbi adierazten du nor den, eta aro berri baten etorreraz mintzatzen da. Baina, beste
ezer baino lehen, munduko ordena sozialak inoiz ikusi gabeko aztoramendu katastrofikoak
jasango zituela iragartzen du. Haiek arindu nahi baziren -diosku Haren premiazko mezuak-
munduko gobernatzaileek justiziaz jardun beharko zuten. Agintari handi haiei dei egin zien
armategiak murriztu eta nolabaiteko nazio erkidego bat finka zezaten. Bake iraunkorra
eskuratzeko, bide bakarra zegoen: denek batera jardutea gerraren aurka.
Enbaxada pertsiarraren zirikaldi
xaxatzaileen aurrean, gobernu turkiarrak Baháulláh-gandik libratzea erabaki
zuen, eta Akreko gotorleku-espetxera bidali zuen (Akreko San Joan zaharra, Palestina,
Siria probintzia). Garai hartan Akre leku urrun bat zen, eta bertara bidaltzen zituzten
hiltzaileak, bidelapurrak eta disidente politikoak. Hiri harresitua zen, kalezulo mehar
eta itxura hitseko etxeez betea; ur garbirik ez zegoen, eta bertako airea, garaiko
jendearen deskribapenari jarraiki, hain zen kiratsua, non arnasa hartzean are hegaztiak
ere erortzen baitziren zerutik..
Akelarretan zegoen leku hartara heldu
ziren Baháulláh eta Haren familia 1868ko abuztuaren 31n, euren erbesteratze
behartuaren azken etapara. Hurrengo 24 urteak Akren eta inguruetan eman zituen. Hasieran,
Baháulláh eta Haren lagunak espetxe barruan hertsita egon ziren. Ondoren,
baimena eman zitzaien hiri barruko etxe batera alda egin zezaten, bertan leku eskas eta
baldintza kaskarretan bizi zirelarik. Herese arriskutsu fama zutenez, haien presentzia
hutsak jendearen aiherra pizten zuen. Euren seme-alabek lasterka batean aldegin behar
izaten zuten harrika ez zitzaten.
Denboraren joanaz,
Baháulláhren izpirituak eta irakaspenek eragina izan zuten halako gorroto
giroan, zeren eta hiriko zenbait gobernadore eta apaiz Haren miresle sutsu bilakatu
baitziren. Bagdad eta Adrianopolisen gertatu bezala, Baháulláh-ren itzal
morala irabaziz joan zen begirunea, maitasuna, baita posizio nagusi bat ere gizarte
mailan.
Gainera, Akren idatzi zuen
Baháulláh-k bere lan lagusia, baháí-en artean Kitáb-i-Aqdas
(Libururik sakratuena) deitura pertsiarraz ezagunagoa. Bertan deskribatzen dira
laburbilduta Haren jarraitzaileek bete beharreko lege eta printzipio funtsezkoak; liburuan
baháí administrazioaren ildo nagusiak ere marratuta geratzen dira [Ikus 25 orr.]
70. hamarkadaren azken urteetan,
Baháulláh libre geratu zen harresi barruko esparrutik bizitzera joateko, eta
leku hartan jarraitzaileek nolabaiteko bake eta segurtasun giroan ikus zezaketen.
Baháulláh Bahjí gisa ezaguna zen jauretxe abandonatu batean jarri zen
bizitzen, , eta hango bakardadean Bere azken egunak idazten eman ahal izan zituen.
Baháulláh 1892ko maiatzaren
29an hil zen. Haren gorpuzkinak etxe ondoko gela lorategidun batean hilobiratu zituzten.
Baháí-entzat, hauxe da mundu osoko lekurik sakratuena.
Hurrengo orrietan:
|