| Gizateriaren batasunak, Baháulláhk
ikusi zuen moduan, berarekin dakar nazioek osatutako mundu mankomunitate bat zeinean
arraza, sinesmen, nazio eta klase guztiak estuki eta betiko lotuta egongo baitira, estatu
kideen autonomia, baita haiek osatzen dituzten pertsonen askatasun eta ekimen indibiduala
behin betikoz eta osoki gordeko direlarik. Gure ikuspena iristen deneraino, mundu
mankomunitate horrek mundu mailako botere legegile bat izan behar du, eta hura osatzen
dutenek, gizateriaren fideikomisarioak diren aldetik, nazio partaideen baliabide guztiak
kontrolatu beharko dituzte, eta behar adina lege onetsi arraza eta herri guztien bizitza
arautu, premiak bete eta harremanak berregokitzeko.
Botere exekutibo batek, nazioarteko Indar
batzuen laguntzaz, dagozkion erabakiak gauzatuko ditu, botere legegileak onetsitako legeak
betearazi, eta mankomunitate osoaren batasun organikoa babestuko du. Mundu mailako
epaimahai batek epaitu eta bere ebazpena jaulkiko du sistema unibertsal hau osatzen
dituzten elementu desberdinen artean sor litezkeen gatazka guztietan.
Mundu mailako komunikazio
mekanismo batek planeta osoa hartuko du barne, eragozpen eta mugapen nazionaletatik aske,
eta bizkortasun zoragarriz eta erregulartasun perfektoz funtzionatuko du. Mundu metropoli bat izango da zibilizazio
planetario baten nerbio nagusi modura, haren fokurantz indar bateratzaileek jo beharko
dutelarik eta haren izatetik bere indar biziemaleek hedatu beharko dutelarik. Mundu
hizkuntza bat asmatu edo daudenen artean aukeratuko da, zeina nazio federatuetako eskola
guztietan irakatsi beharko baita lekuan lekuko ama hizkuntzarekin batera. Idazkera sistema
amankomunak, mundu literaturak, moneta, pisu eta neurri sistema uniforme eta
unibertsalak... bakandu eta erraztu egingo dute gizateria osatzen duten nazio eta arrazen
arteko tratu eta ulermena.
Halako gizarte batean, zientzia eta
erlijioa, giza bizitzaren bi indar nagusiak, adiskidetu egingo dira, eta elkarlanean eta
harmonian garatuko. Halako sistema batean prentsa, gizateriaren konbikzio eta ikuspuntu
desberdinen adierazpenari hats emateaz gain, ez da jadanik egongo interes pribatu edo
publikoek maltzurki manipulatuta, eta gatazkan dauden herri eta gobernuen eraginetik libre
geratuko da. Munduko baliabide ekonomikoak erabat aprobetxatu eta erabiliko dira,
merkatuak koordinatu eta garatu egingo dira, eta haien produktuen banaketa modu bidezko
batez arautuko.
Nazioen arteko areriotasunak, gorrotoak
eta azpijokoak bertan behera geldituko dira, eta arraza etsaitasun zein aurrejuzkuen ordez
adiskidetasuna, lankidetza eta arraza arteko ulermena egongo dira. Gatazka erlijiosoaren
kausak betiko erauziko dira, oztopo eta murrizte ekonomikoak betiko deuseztuko dira, eta
ordenarik gabeko klaseen arteko bereizketa ezabatu egingo da. Alde batetik pobrezia, eta
bestetik ondasun metatze handiak desagertu egingo dira. Gerran alferrik galtzen diren
energia eskergak, ekonomikoak zein politikoak, beste zenbait xedetara bideratuko dira,
hala nola: giza partehartzearen eta garapen teknikoaren esparrua zabaldu, gizateriaren
produktibitatea areagotu, gaixotasunak errotik erauzi, ikerketa zientifikoak hedatu,
osasun fisikoaren maila jaso, giza burmuina zorroztu eta findu, planetak gordetzen dituen
baliabide erabili gabe edo susmagaitzak ustiatu, giza bizia luzatu eta giza espezie
osoaren bizitza intelektual, moral eta izpirituala sustatuko duen edozein bitartekori bide
eman.
Lur osoaren gainean agintea duen mundu
sistema federal bat, bere baliabide itzel eta irudiezinen gainean autoritate
eztabaidaezina duena; Ekialde zein mendebaldeko idealak bateratu eta txertatuko dituen
sistema bat, gerra eta miseriaren madarikaziotik aske dagoena eta planetako energia
iturburu guztiak aprobetxatzeko deliberatua; Indarra Justiziaren mendean egongo den
sistema, zeinaren bizitzari eutsiko baitiote Jainko bakar baten aitorpen unibertsalak eta
Errebelazio amankomun batekiko leialtasunak. Horra hor bizitzaren indar bateratzaileen
bulkadapean gizateria abiatzen ari den helmuga.
Zuen arteko diferentziak konpondu eta zuen armamentua murriztu, zuen
gastuen zama arin dadin eta zuen gogo eta bihotzek sosegua lor dezaten. Konpondu banatzen
zaituzteten liskarrak, eta ez duzue armez baliatu beharko, zeuen hiri eta lurraldeak
babesteko beharrezkoez izan ezik. --Bahá'u'lláh |
Datozen orrietan:
|