| 1985ean, mundu osoko baháí-ek ahalegin handi bat egin zuten mundu bakea
lortzeko oztopo itxuraz gaindiezinak hain luzaro eratu dituzten jarrera eta jardunbide
zaharrak giza kontzientziatik erauzi nahian.
Kanpaina Mundu bakearen promesa izeneko
gutun batez hasi zen. Gutuna munduko herriak zituen hartzaile. Dei bat egiten
zen bertan mundu mailako buruzagiak planetaren bakera daramaten bitarteko eta bideak
aztertzera bil zitezen. Dokumentuak bakea luzaro iritsiezintzat hartua izana ekarri duten
arrazoiak aztertzen zituen; oztopo gisa nazionalismoa, arrazakeria eta liskar erlijiosoak
aipatzen zituen; azkenik, oztopo horiek gaindi ditzaketen ikuspuntu berriak deskribatzen
zituen.
Dokumentuak, Justizia Etxe Unibertsalak
egina, adierazten zuen ezen gizateria heldutasun kolektiboko etapa batean sartzen ari
denez, azkenik gainditu egin zitezkeela aipatu oztopoak. Orain bakea saihestezina da;
kontua da ea elkarlan inteligente batez eskuratuko den, ala gatazka hondatzaileen ondoren.
(Ikus zatiak 71. orrialdean)
Mezu hark bultzatuta, munduko
baháí erkidegoak kanpaina sistematiko bati ekin zion dokumentuko ideiak
barreiatzeko. Urte gutxiren buruan, milioi bat aletik gora zabaldu ziren. Gutuna hartu
zutenen artean badaude gobernu mailako pertsonaiak, akademikoak eta Estatu Buruak.
Banaketa hori gertatu zen garai bertsuan, mundu osoko aldizkari eta egunkari ugarik testua
erreproduzitu zuten, osorik nahiz zatiren bat. Xede berberarekin, mundu osoko
baháí komunitateek milaka hitzaldi antolatu zituzten toki, eskualde eta nazio
mailan. Mintegi, kontzertu, antzezpen dramatiko, erakusketa eta feria ugari ere antolatu
ziren.
1987an, Nazioarteko Baháí
Erkidegoak eta bost nazio mailako baháí Komunitatek Bake Mezularia
saria hartu zuten Nazio Batuen eskutik. Saria 1986. urtean zehar, zeina Nazio Batuek
Nazioarteko Bake Urtea izendatu baitzuten, gobernuz kanpoko erakundeek egindako lana
eskertzeko eman zen.
Datozen orrietan:
|