| Baháí Fedea 1947an iritsi zen
Espainiara Virginia Orbison iparramerikarraren eskutik. Hurrengo urtean, lehen
Baháí Tokiko Batzarra (Tokiko Batzar Izpirituala) sortu zen Madrilen. Gaur egun
komunitate honek dituen 4.000tik gora baháí-ak 300dik gora herritan daude
finkatuta Espainia osoan zehar eta ehundik gora Tokiko Batzarren inguruan daude
antolatuta.
1962an eratu zen Espainiako lehen Batzar
Izpirituala, Baháí Erkidegoaren gobernu organo gorena. Erlijio Askatasunaren legea
onetsi ondoren, Baháí Erkidegoak legezko aintzatespena lortu zuen 1968an, eta 2
zenbakiarekin zerrendatu zen Justizia Ministerioko Elkarte Konfesional ez Katolikoen
Errejistroan.
Baháí Erkidegoak Madrilen du
egoitza nagusia (Matías Turrión, 32an). Handik koordinatzen dira Baháí Erkidegoa
egiten ari den ahaleginak baháí printzipioak hedatu, garapen programak ezarri eta
gizarteari bestelako zerbitzuak ematearren.
Baháí-ek badituzte zentro
administratiboak Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Malaga, Kanaria Handiko Las Palmas,
Tenerife, Mallorkako Palma, Murtzia, Cartagena, Terrassa, Sabadell, Irun eta Fuengirolan.
Horiei gaineratu egin behar zaie Madril, Bartzelona, Irun, Mallorkako Palma, Sevilla,
Kanaria Handiko Las Palmas eta Tenerifen kokatutako Informazio Bulegoen sarea.
Lliria-ko (Valentzia) Baháí
Ikasketa Zentroan mintegi, uda eskola eta ikastaroak antolatzen dira; horietan, Espainiako
eskualde desberdinetan egiten diren antzeko ekimenetan bezala, Baháí Fedearen
irakaspenen ikasketa sustatzen da gai desberdinetan, hala nola hezkuntza, familia, bakea,
aurrejuzkuen deuseztatzea, gizateriaren batasuna, etab.
Presentzia aktiboa gizartean
Duela 20 urte pasatik hona, Espainiako
Baháí Erkidegoak laguntza ematen du Nazio Batuek aldarrikatutako Nazioarteko Egun
eta Urteetan, ehundaka ekintza publiko antolatuz geografia espainiarrean barrena eta
herritarren sentsibilizazio kanpainak sustatuz.
Ahalegin hauen isla Baháí Argitaletxeak
kaleratutako argitalpen ugari dira, gaurkotasun handiko gaien inguruan: biztanlego
indigenoak, gutxiengoen eskubideak, familia, tolerantzia, pobrezia, natura eta ekologia.
Baháí Komunitatea Giza Eskubideen
Defentsa eta Sustapenerako Elkarteen Federazioaren eta Garapenerako Elkarlanerako GKEen
Estatu Koordinadoraren kide gonbidatua da. Era berean, Kanpo Arazoetako Ministerioaren
Giza Eskubideen Bulegoaren bileretan egoten da. 1993an, Vienan egindako Giza Eskubideen
Mundu Konferentzian parte hartu zuen Plataforma Espainiarraren partaide izan zen. Nazio
Batuek Gizarte Garapenaz (Kopenhage) eta Emakumeaz (Pekin) antolatutako azken Mundu
Konferentzietan ere parte hartu izan du.
Baháí Mundu Komunitateak garapen
sozial eta ekonomikoaren alorrean egindako ahaleginak 1.500dik gora proiekturen kudeaketan
gauzatzen dira, toki eta eskualde mailakoak, azpigarapen, inguramenaren degradazio,
bazterkeria eta pobreziaren arazoak konpontzera bideratuak. Espainiako Baháí
Komunitateak, bere aldetik, laguntza ematen du ahalegin horietan giza baliabideak eta
ekonomikoak hornituz; horri guztiari esker, esperientzia aberats bat biltzen ari da, gure
gizartearen premietara aplika daitekeena.
Argitalpen ahalegina
Ahalegin horien isla dira) Baháí
Argitaletxeak gaurkotasun handiko gaien inguruan (biztanlego indigenoak, familia,
tolerantzia, pobrezia, natura eta ekologia) kaleratutako argitalpen ugari. Baháí
idazkiak espainieraz argitaratu eta banatzeaz gain, Baháí Argitaletxea itzulpenak egiten
ari da katalanera, euskarara eta galegora.
Argitaratutako obren katalogoan 200 bat liburu daude, bost
apartatu handitan bana daitezkeenak: Idazki Sakratuak, teologia, historia, interes
sozialeko obrak, garapen pertsonaleko gaien inguruko entseguak eta haur argitalpenak.
Baháí Argitaletxeak One Country
aldizkariaren espainierazko bertsioa argitaratzen du 1993z geroztik. Nazioarteko
Baháí Komunitatearen argitalpen hau nazioarteko izaerako gaietan, gatazka
konponketan, inguramenean, giza eskubideetan eta garapen sozial eta ekonomikoan
interesatuta dagoen jendeari zuzenduta dago. Hiru hilabetero argitaratzen da, harpidetza
sistemaz banatzen da eta ingeles, alemaniera, frantses, errusiera eta txineraz ere
argitaratzen da.
Gertakari handien anfitrioia
Azken urteotan, Espainiako Bahái
Erkidegoak kontinente mailako zenbait gertakari garrantzitsu antolatu ditu, esaterako,
Gazteriaren (1989) eta Emakumearen (1990) Europar Konferentziak. Era berean, eta estatu
mailan, 1992ko I. Baháí Biltzarra eta Baháí Ikasketen Elkartearen Urteroko
Konferentziak azpimarra daitezke. 1994ko uztailean beste Gazteriaren Europar Konferentzia
bat izan zen Bartzelonan, San Petersburgo, Berlin, Bucarest eta Manchesterren egindakoen
aldi berean. 1997an, Espainiako Baháí Erkidegoak berrogeita hamargarren urteurrena
ospatu zuen ekintza multzo zabal baten bidez, haien artean Biltzar handi bat, zeinera
Europa osoko baháí-ak gonbidatuak izan baitziren. Bestelako
irakurketak
|