| Tamaina dezenteko zenbait idazlan ezezik, Baháulláh-k
Oholak bezala ezagutzen diren dokumentu sorta handi bat ere idatzi zuen,
haietatik gehienak Bere jarraitzaileei zuzenduak. Kalkulatu zuen Bere ohol guztiak bilduko
balira, guztira ehun bat liburuki okupatuko lituzketela. Haren idazkietan estilo ugari
agertzen dira; gainera, pertsiera eta arabiera txandakatzen zituen, etorri handia baitzuen
Baháulláh-k bi hizkuntzotan.
Baháulláh-ren irakaspen
etikoen muina Hitz ezkutuak izeneko liburuska batean daude bilduta, hain zuzen Haren
egitekoaren lehen garaian idatzitako aforismo bilduman. Obra hori deskriba liteke esanez
Jainkoaren elkarren ondoko errebelazioek destilatutako hondar izpirituala dela.
Baháulláh-ren doktrinaren
azalpen nabarmenena Kitáb-i-Iqán (Ziurtasunaren Liburua) delakoan aurkitzen da.
Jainkoaren borondatearen ikuspegi zabala deskribatzean, Iqánek erlijioaren arazo
behinenak aztertzen ditu: Jainkoa, gizakiaren izaera, bizitzaren zentzua eta
Errebelazioaren zeregina.
Bahá'u'lláh-ren idazki mistikoen artean
hoberen ezagutzen dena Zazpi Aranak izenekoa dugu. Hizkuntza poetikoa erabiliz arima bere
Kreatzailearekin bat izateko egiten duen bidaia erakusten digu.
Baina leku nagusia Kitáb-i-Aqdas
(Libururik Sakratuena) dena okupatzen du. Akren emandako erbeste egun garratzenetan
errebelatua, Aqdas, baháí sinesbidearen Liburu Nagusia,
Baháulláh-k Mundu Ordena Berriarentzat sortutako lege eta erakundeen
gordailu nagusia da.
Idazki sakratuak beste hizkuntzetara
itzultzeko prozesuak erritmo onean jarraitzen du. Ingeleserako itzultze eredua Shoghi
Effendi-k finkatu zuen, alegia, 1921etik 1957 arte Baháí Fedearen buru izandakoak
[ikus 55. orr.]. Oxforden ikasitako Shoghi Effendik egindako itzulpenek, ingelesaren
ezagutza bikaina erakusteaz gain, Testuen esanahiaren azalpen baimendu bat islatu ere
egiten dute.
Baháulláh-k erabilitako
arabiera eta pertsieraren izaera gartsu eta emotiboa behar bezala islatuko zuen estilo
ingeles baten xerkan, Shoghi Effendik ingeles zaharkitu samar bat aukeratu zuen, zeinak
Bibliaren King James bertsioarena baitakar gogora. Estilo horri atxikiz, izenorde
maskulinoa hautatu zuen Jainkoari buruz idaztean, nahiz Baháulláh-ren
irakaspenek argi eta garbi ikustarazi Sortzaileak ez duela genero desberdintasunik
onartzen. Era berean, Shoghi Effendik puntu diakritikoak erabili zituen izen arabiar eta
pertsiarrak transkribatzean, praktika hau Baháí Erkidegoak salbuespenik gabe
jarraitzen duelarik.
Emaitza gisa lortutako estiloa ingeles
modernoaren eta Baháulláh-ren arabiera eta pertsieraren arteko zubia-edo da.
Hori dela eta, beste hizkuntzetara moldatzerakoan, Shoghi Effendiren bertsioetara jotzen
da, eta ez arabiera edo pertsierazko jatorrizko testuei.
Baháulláh-ren idazkien zati
hautatuen itzulpenak daude 800dik gora hizkuntzatan. |